Euskal Jaien azoka berezia - historia

Ordiziako lehenengo azokak San Bartolomé (XI-XII m.) baselizaren inguruan egin ziren, orduko garaiko ordiziarrak eta ingurukoak elkartzeko tokia zen. Orduko lehen merkataritza-topaketak finkatu eta arautu egin ziren Ordiziako gunea Hiribildu bihurtu zenean eta Ordiziak Gasteizko Forua lortu zuenean.
1268an Ordiziako hiribilduak Gasteizko Forua lortu zuen, beste pribilegio batzuen artean, altxor publikoari ezer ordaindu gabe, herritarrek funts-ondasunak saldu, erosi edota izateko erabateko ahalmena zutelako.
1512ko maiatzaren 15ean Joana erreginak asteazkenetan azoka frankoa egiteko
errege-baimena eman zion Ordiziari, azokaren bidez herria berreraikitzen laguntzeko, izan ere, urte horretako martxoaren 18an izan zen suteak herria hondatu baitzuen. Hala ere, ziurrenik, lehenagokoa izango da azoka hori.
1614an, San Bartolome egunez urtero azoka berezia egiteko eskumena eman zion erregeak eta, gerora, azoka egun hori irailaren 8ra aldatu zen. Horixe da, hain zuzen ere, Euskal Jaietako egungo Azoka Bereziaren jatorria.
Euskal Jai hauen ospakizunei buruzko erreferentzia ugari dago; adibidez, 1904an Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hiribilduko Udalak antolatu zituzten eta hainbat lehiaketa egin ziren jai haien barnean: txahalak, bertako eta kanpoko zezenak, zaldiak eta astoak, txerriak, untxiak, bertako nekazaritza-produktuak –gurina, eztia, argizaria, sagarrak, madariak, gazta–, nekazaritzarako makinak, etab. 2004 urtean festa hauen lehen urteurrena ospatu zenez Ordiziako Udalak jatorria ikertu zuen.

Jai hauen iturburua Anton Abaddia zientzialari eta bidaiari nekaezinak antolatzen zituenetan aurki dezakegu; izan ere, gizon hori ekintza hauetan ere aritzen zen, euskara eta euskal kanten azterketan aritzeaz gain. Abaddia jaunak 1853an Urruñan Euskal Jaiak bultzatu zituen, eta euskal izaeraren hainbat alderdi azaleratzen ziren jai horietan.

1904an Ordizian egin ziren Euskal Jaiei dagokienez, historiak garrantzitsutzat jo zituen, eta Batzorde Berezia sortu zuten garai hartako alkateak, Salustiano Iturriozek, eta beste hainbat pertsonak. Herriko kaleak eta udaletxea apaindu zituzten eta Euskal Jaien bizkarrezurra osatu zuten, gaur egun oraindik ere irauten duten zenbait ekitaldirekin.

Asteazkenero egiten diren "ohiko" azokez gain eta ostiralekoaz gain, urtero azoka bereziak antolatzen dira, azpimarratzeko modukoak honakoak: Gabonetako ez-ohiko azoka, Artzain Eguna, Arabar Errioxako ardo azoka, Erdi Aroko azoka, Artisaualdia...

ARDI LATXAREN EDO KARRANTZAKOAREN ESNE GORDINEZ EGINDAKO
GAZTEN LEHIAKETAREN HISTORIA

Badakigu iraileko azoka berezian gazta-lehiaketa antolatzen dela 1904. urtetik gutxienez. Urte horretan, Euskal Jaietan bertako ardi-gaztaren lehiaketa egin zen eta hauexek izan ziren lehiaketa haren emaitzak:

1. Francisco Mª Muñoz (Zerain). Saria: 30 pezeta
2. Martin Jose Irastortza (Zaldibia). Saria: 20 pezeta
3. Jose Antonio Elortza (Idiazabal). Saria: 10 pezeta

Gaur egun izaten den gazta-lehiaketa 60ko hamarkadan hasi zen eta, orain arte, urtero antolatu izan da.

Horrela, 1962ko irailaren 5ean, Euskal Jaietan izan zen gazta-lehiaketaren berri eman zuten egunkariek eta hauexek izan ziren urte hartako emaitzak:

1. Santos Lopez, Okondogoienakoa (Araba) 250 pta.
2. Indalecio Martinez, Araiakoa (Araba) 100 pta.
3. Martin Martinez, Araiakoa (Araba) 100 pta.
4. Jose Mª Oyarbide, Urbasakoa (Nafarroa) 100 pta.

1964az geroztik, Kutxak babesten du lehiaketa.

Badakigu 1972an hogei artzainek parte hartu zutela.

1973an irabazlea Juan Aldasoro zegamarra (Aizkorri – Sancti Spiritu) izan zen eta 3.000 pezeta eta Kutxaren garaikurra jaso zituen.

1974an gazta-lehiaketaren araudia idatzi zen eta honako izena eman zitzaion: LATXA ARDIAREN ESNEZ ARTZAINEK EGINDAKO GAZTEN I. LEHIAKETA.

Urte horietan guztietan, epaimahaia hiribilduko gastronomia elkarteetako bi ordezkarik eta ardi-gazta kontuetan adituak ziren bi pertsonek osatu zuten, Jose Castillo eta Jose Maria Busca Isasiren gidaritzapean.

1980ko irailaren 10ean, VII. lehiaketan, EUSKAL SUKALDARITZA BERRIAREN sortzaileek hartu zuten parte epaimahaian: Juan Mª Arzakek, Pedro Subijanak, Karlos Argiñanok, Jose Juan Castillok; horiekin eta gastronomia-elkarteetako ordezkariekin batera, epaimahaian CAMBIO 16 aldizkariko Xavier Domingo kazetariak ere hartu zuen parte. Urte horretan berrikuntza nabarmen eta garrantzitsu bat izan zen: gazta erdia ENKANTEAN saldu zen (bildutako dirua Ordiziako Zaharren Egoitzarentzat izan zen). Lehenengo enkantean, Arzakek 12.000 pezetaren truke erosi zuen Jose Antonio Etxabe Barandiaran zaldibiarrak (Aralar-Konporta) egindako gaztaren erdia. Arrakasta handia izan zuen enkanteak.

1990eko irailaren 4an Idiazabal Gaztaren Kofradia osatu zen, "latxa ardiaren gazta-lehiaketa garatu eta sustatzeko" helburuz. Izugarrizko eragina izan zuen gertakari hark lehiaketaren etorkizunean, une horretatik aurrera, Ordiziako Udalaren jarraibideak betez, Kofradia bera arduratu baita lehiaketa antolatzeaz.

1992an Juan Mª Arzak izendatu zuten Gazta-Lehiaketako Epaimahaiko Presidente.

2000. urtetik aurrera, lehiaketan parte hartzen duten gazten jatorria ongi ziurtatzen bazen ere (irabazten duen gaztaren analisia, egilea artzaina dela erakusten duen ziurtagiria...), gazta-lehiaketak aldaketa nabarmenak izan zituen, lehiaketan parte hartzen duten gazten jatorriari buruzko bermea indartu nahian.

Oinarri berrietan baldintza zehatzagoak ezarri ziren eta, horien artean, hauexek nabarmenduko ditugu:

1. Lehiaketan parte hartu nahi duten artzainek aldez aurretik eman behar dute izena.
2. Gaztek KASEINA-PLAKA eduki behar dute
3. Artaldeek gutxienez 100 ardi izan behar dituzte eta soilik latxa arrazako ardiak onartuko dira bertan.
4. Nekazaritzako Gizarte-Segurantzan alta emanda egon behar dute parte hartzen duten artzainek.
5. Halaber, artzainek, gazta egiteko OSASUN ERREGISTROAN titular izan behar dute.
6. Epaimahaia 26 pertsonak osatuko dute, eta zazpi mahaitan banatuko dira. Mahai bakoitzean hiru epaimahaikide egongo dira: TEKNIKARIA, KAZETARIA eta SUKALDARIA.
Aurtengoan ondorengo artikulua erantsi da, AZTIk garatutako kontrol teknika berria dela:

- Antolakuntzak, beharrezkoa ikusiko balu, lehiaketara aurkeztutako gazten DNA froga edo bestelakoak egiteko eskaera egin dezake, Idiazabal Jatorri izendapenaren kontrolpetik kanpo egonez gero.

Parte-hartzaileak 50-60 artean izaten dira. 1991n hautsi zen errekorra: 109 artzainek parte hartu zuten. Irabazlea Martin Jose Eizmendi Iza izan zen.

1980an Juan Mª Arzakek 12.000 pezeta ordaindu zituenetik Larzabal Jatetxeak 2000. urtean 550.000 pezeta ordaindu zituenera, enkanteak izugarrizko bilakaera izan du; 1986an Sebastian AZPIRIk 115.000 pezeta ordaindu zituen; 1991n Egosarri jatetxeak, 360.000 pezeta; eta 2000. urtean Larzabal jatetxeak 550.000 pezeta. 2002. urtean 4.100 euro (682.000 pezeta) ordaindu zituen Uranga margolariak. 2003. urtean, berriz, 5.100 euro (850.000 pezeta) ordaindu zituzten Ordiziako POTTOKA tabernako Aitor Urretak eta MARTINEZ jatetxeko sukaldari Xabier Martinezek. 2004an, Lierniako Patxi Erretegiak (Gipuzkoa)12.100 euro ordaindu zituen. 2010ean Beasaingo Dolarea Hotelak, berriz, 7.200 euro ordaindu zituen. 2011 urtean 7.300 euro ordaindu zituen Bilboko Porrue jatetxeak, 2012an 7.400 euro Catalana Occidente aseguroetxeak, 7.500 Bergarako Bolintxo okindegiak eta 2014 han berriro errekorra ezarri zuen Idiazabalgo AMPO KOOP. Elkarteak bere 50. urteurrenean gazta erdiagatik 13.050€ ordainduz. 2015ean Catalana Occidente aseguroetxeak errepikatu zuen bere 2012ko eskaintza hobetuz, 7.600€rekin eta 2016an Okeletxe Harategiak eraman zuen 8000€gatik. 2017an Carrefour-ek eraman du 8.200€ren truke.

1984an, lehiaketa eta, batik bat, Idiazabal gaztaren kalitatea hobetu nahian, "ORDIZIA TXAPELDUN" izeneko lehiaketa berria sortu zen; lehiaketa horretan, hasieran, azken bost urteetan iraileko azokan Ordiziako Gazta Lehiaketa irabazi zuten artzainek parte hartzen zuten soilik. Gaur egun, azken hamar urteetako irabazleek hartzen dute parte, oinarrietan zehazten den legez.

IDIAZABAL GAZTAREN JATORRIZKO IZENDAPENAK 1989az geroztik parte hartzen du lehiaketan eta elkarteak ematen dituen aholkuek eta jarraibideek izugarrizko garrantzia dute; artzainen elkarteek ere laguntza paregabea eskaintzen dute.

Orain dela hogeitamar bat urte URREZKO KUTXA GARAIKURRA sortu zen. Azken 10 urtetako txapelketetan lehen postua hiru aldiz irabazi duen gaztagileari ematen zaio sari hau. 2009. urtean, Jesus Ansolak (Elgoibar) jaso zuen lehen aldiz aipatutako garaikurra eta 2013an Ricardo Remirok (Eulate) lortu zuen. 2012. urtean aurreneko aldiz artzain bizkaitar batek irabazi zuen lehiaketa, Zeanuriko Jon Etxeberria artzainak, 2015ean bere bigarren garaipena lortuz.

 

1997

Jesus Aranburu Urbieta (Idiazabal)

1998

Jose Luis Perez de Albeniz ( Egino )

1999

Arantza Segurola Oiartzabal (Legazpi)

2000

Mª Carmen Perez de Albeniz (Muniain)

2001

Jose Ignacio Gonzalez de Heredia (Larrea)

2002

Mª Angeles Iñurrategi Arozena ( Zerain )

2003

Pascual Lopez de Uralde Ruiz de Azua (Larrea)

2004

Angel Errazti Oñaderra (Azpeitia)

2005

Jesus Ansola Juaristi (Elgoibar)

2006

J. Aranburu Elkartea (Idiazabal)

2007 Jesus Ansola Juaristi (Elgoibar)
2008 Ricardo Remiro (Eulate)
2009 Jesus Ansola Juaristi (Elgoibar)
2010 J. Aranburu elkartea (Idiazabal)
2011 Ricardo Remiro (Eulate)
2012 Jon Etxebarria (Zeanuri)
2013 Ricardo Remiro (Eulate)
2014 karmele Murua (Segura)
2015 Jon Etxebarria (Zeanuri)
2016 Joseba Insausti (Ordizia)
2017 Jose Luis Odriozola (Aia)
gaztalehiaketa2017web